Gaur hasiko da Mozorro Lehiaketan izena emateko epea

Mozorro lehiaketa

Gaurtik aurrera, Mozorro Lehiaketan parte hartzeko izena eman dezakezue. Horretarako, Kultur Etxera hurbildu beharko duzue, 18:00etatik 20:00etara, eta izena eman.

Bihar eta etzi ere izango duzue izena emateko aukera. Bihar ere, ostirala, 18:00etatik 20:00etara egongo gara Kultur Etxean. Eta larunbatean, Desfilearen egunean bertan, 17:00etatik 18:00etara eman ahal izango duzue izena.

Mozorro Lehiaketa 2014 atalean daukazue lehiaketako kategoria eta sarien inguruko informazio guztia. Animatu eta parte hartu!

Hoy empieza el plazo para apuntarse al Concurso de Disfraces

Irakurtzen jarraitu

Advertisements

Egitarau osoa prest inauteriak ospatzeko

Laudioko_Inauteriak_2014_KARTELA

Aurten, martxoarekin batera iritsiko zaizkigu Inauteriak gure herrira, martxoaren 1ean hain zuzen ere. Jaiak Koordinakundea ilusio handiz lanean aritu da egun horretarako dena prest egon dadin.

Larunbata izango da Inauterietako egun handia, eta dagoeneko ohitura denez, eguerditik piztuko da jaia. 13:00etan ekingo diogu egunari, Orkresta elektrotxarangak alaitutako kalejiran, mozorroak jantzita. Ondoren, arratsaldeko txanpari heltzeko indarrak hartuko ditugu Aldai plazan egingo den herri bazkarian. Txartelak 6 €-an daude salgai Gorka eta Keska tabernetan.

Aurten ere, Inauterietako hitzordu nagusiak Desfilea eta Mozorro lehiaketa izango dira, martxoaren 1ean, larunbatean, 18:30etik aurrera. Mozorro lehiaketan izena emateko, taldeek Kultur Etxera hurbildu beharko dute, eta hiru egun izango dituzte horretarako: otsailak 27 eta 28 (osteguna eta ostirala) 18:00etatik 20:00etara, eta Desfilearen egunean bertan 17:00etatik 18:00etara. Taldeak hiru kategoriatan banatuko dira: 21 kidetik gorakoak, 8 eta 21 kide artekoak eta 8tik beherakoak edo banaka.

Desfilea 18:30ean hasiko da Lezeagako aldapatik (Ugarten) eta herriko kale nagusiak zeharkatuko ditu. Desfilea girotzeko, berriz, hainbat talde gonbidatu ditugu: Bilboko Goloka antzerki taldea; Aiaraldeko FitaFik soinu-tresna eskolako ikasle eta irakasleak; Gesaltzako Gesaltza txaranga; Laudioko Kun Kun perkusio taldea; Laudioko Ttuntturro Zanpantzar taldea; eta Laudioko BetiJai fanfarrea.

Desfilea amaitu bezain laster, perkusioa eta piroteknia nahasten dituen ikuskizun berezi bat ikusteko aukera izango dugu, nazioartean sona handia duten Bilboko Deabru Beltzak eta Frantziako Les Commandos Percu taldeen eskutik.

Ondoren, Mozorro lehiaketako sariak banatzeko ekitaldia egingo da Aldai Plazan, 20:30ean. Guztira 17 sari eta 2.500 euro banatuko dira, eta iaz bezala, karrozarik ederrenak eta giro onena sortzen duten taldeek ere saria jasoko dute.

Jaia, baina, ez da hor amaituko. Gaueko 21:00etik aurrera, Mozorro Gauari hasiera emango zaio. Aurten, Diskodantza ikuskizuna izango dugu, eta txosna jarriko da, bokatak eta edaria saltzeko.

Martxoaren 4an, asteartean, agur esango diegu inauteriei. 17:00etatik aurrera haur eta gaztetxoek Kirikiño Aisialdi Taldeak prestatuko dituen jolas eta tailerrekin gozatu ahal izango dute. 18:00etatik aurrera, Zirika Zirkus taldeak “DanzJolas Jaia” ikuskizuna eskainiko digu, eta 19:00etan txokolate beroa banatuko da bertaraturiko haur guztien artean. Egunari eta inauteriei amaiera emateko, Lezeagako Sorgina erretzeko ekitaldia izango da, 19:30etik aurrera.

Lerro hauen bidez, Inauterietan parte hartu eta gure herriko kaleetan gozatzeko gonbita helarazi nahi diegu herriko talde eta pertsona guztiei.

Egitarau osoa hemen.

Mozorro-lehiaketaren inguruko xehetasunak hemen.

Ya está listo el programa completo para celebrar los carnavales

Irakurtzen jarraitu

Herri Bazkariko txartelak salgai

herri bazkaria

Salgai daude dagoeneko Inauterietako herri bazkarian parte hartzeko txartelak Gorka eta Keska tabernetan, 6 euroren truke.

Egunean zehar ere inauterien jaia herri osora zabaltzea da gure asmoa, eta horretarako, herri bazkaria antolatu dugu Aldai plazako karpan. Erosi zure txartela lehenbailehen, jantzi mozorroa eta etorri zaitez martxoaren 1ean herriko kaleak kolorez eta festaz janztera.

Bazkaria 15:00etan izango da, eta aurretik, 13:00etan, kalejira egingo dugu Orkresta elektrotxarangaren doinuek lagunduta. Animatu eta parte hartu!!

Ya están a la venta los tickets para la comida popular

Irakurtzen jarraitu

Inauterietako filma hastera doa

zinema

Inor ez dadila geratu Desfilean parte hartu gabe. Hori da gure helburu nagusia, eta horretarako, urtero bezala, mozorrotzeko gai bat proposatu nahi dizuegu: Zinema.

Ez baduzu Desfilean norekin atera, lotsa ematen badizu, mozorrotzeko ideiarik gabe geratu bazarete… Lasai egon! Desfilean ateratzeko talde handi bat prestatu dugu eta den-denok gonbidatuta gaude. Zure zinemako pertsonaia gogokoenaren antzera jantzi, eta martxoaren 1ean etor zaitez 18:30ean Desfilera. Zure zain egongo gara!

Un carnaval de cine

Irakurtzen jarraitu

Sari potoloz beteta dator aurtengo Mozorro Lehiaketa

Mozorro lehiaketa

Mozorro Lehiaketa izango da Inauterietako ekitaldi nagusia, eta urtero bezala, sari potoloak banatuko dira Desfilean parte hartzen duten talde guztien artean. Lehiaketan parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena, eta hainbat kategoriatan banatuko diren sariak eskuratzeko aukera izango duzue horrela.

Gero eta gutxiago falta da martxoaren 1erako, beraz, hasi zaitezte zuen mozorroak prestatzen eta taldea osatzen.

Mozorro Lehiaketa 2014 atalean dituzue xehetasun guztiak (izena emateko epea, kategoriak, sariak…).

El Concurso de Disfraces llega cargado de importantes premios

Irakurtzen jarraitu

Laster dira hemen 2014ko Inauteriak

Inauteriak

Martxoarekin batera iritsiko dira Inauteriak gure herrira. Urtero bezala, Jaiak Koordinakundea buru-belarri lanean dabil egitarau oparoa prestatzen, Inauteriak behar bezala ospatu ahal izateko.

Ohiturari jarraituz, bi izango dira hitzordu nagusiak: martxoaren 1ean, larunbatarekin, desfilea eta mozorro lehiaketa, parte-hartzaileentzako sari garrantzitsuekin; eta martxoaren 4an, asteartearekin, Lezeagako sorginari agur esateko ekitaldiak, non haurrek protagonismo osoa izango duten.

Horrez guztiaz gain, ez dira faltako bestelako hainbat ekimen eta sorpresa ere: kalejira eta herri bazkaria, piroteknia eta perkusioa ardatz izango dituen ikuskizun paregabea, mozorro-gaua…

Laster emango dizuegu egitarau osoaren berri. Adi egon!

Ya llega el carnaval

Irakurtzen jarraitu

Eskerrik asko parte-hartzaile eta laguntzaile guztioi

Lezeagako Sorgina

Joan zaizkigu 2013ko inauteriak, eta datorren urtera arte agurtu aurretik, eskerrak eman nahi dizkizuegu antolatu ditugun ekimenetan parte hartu edo horiek aurrera ateratzeko laguntza eman diguzuen guzti-guztioi.

Lehenik eta behin, Desfilean parte hartu zenuten 300dik gora lagunei gure eskerrik beroena eman nahi dizuegu. Eguraldi kaxkarrari aurre egin eta animo eta ilusio handiz kalera atera zineten guztiok lortu duzue gure inauteriari bultzada berria ematea. Ezin ahaztu ditzakegu, halaber, gainerako ekitaldi guztietan parte hartu zuten lagun denak ere. Larunbat eguerditik gauerdira arte kalea mozorroz eta kolorez bete zuten horiek guztiek gure txalo denak merezi dituzte, bai eta astearte arratsaldea irribarre eta alaitasunez bete ziguten haur eta gurasoek ere.

Eskerrak eman nahi dizkiegu, halaber, Inauteriak aurrera ateratzeko ezinbesteko laguntza eskaini diguten guztiei, batez ere laguntza handia eman diguten Onieva eta Eska enpresetako lagunei eta Kun-Kun taldeko kide guztiei, karroza apaindu zigun grafitero bikainari eta sari-banaketa maisukiro gidatu zuten gure aurkezle maiteei. Eta nola ez, txalo zaparrada bana lan isil bezain funtsezkoa egiten ibili zareten guztioi.

Datorren urtera arteko itxaronaldia horren luzea izan ez dadin, aurtengo argazkiak, larunbatekoak zein asteartekoak, zuen eskura jarri nahi ditugu, 2013ko inauteria nahi beste luzatu dezazuen.

Kaleko jai-giroan elkar ikusiko dugu!

Muchas gracias a todos y todas las participantes y ayudantes

Irakurtzen jarraitu